KAIXO LAGUNOK!

Urduña eskolako bostgarren mailako ikasleen bloga duzue hau. Hemen, ikasleok egiten ditugun ekintzen berri eman nahi dizuegu: lanak, irteerak... eta, era berean, zuen iritziak eta proposamenak jaso.


Ongi etorri eta ondo pasa!

2013/02/15

INAUTERIAK


Inauteriak bereziki Europan eta Ameriketako hiri eta herrietan neguaren bukaera aldera jendeak mozorroturik ospatzen dituen jaiak dira, desfileak eginez edota besterik gabe jai-giroan murgilduz, kantuz, dantzan eta zarata eginez.
Inauterien ezaugarri berezia da, beste jaien aldean, umore, parodia eta satira giroa, gizarte ordena urratu eta alderantzikatzen duena.
Historikoki, kristautasunaren tradiziotik abiatzen diren jaiak dira, baraua eta beste zenbait gabetze dakartzan Garizumaren aurretik ospatzen baitira, baina antzinako paganismoan daude sustraiturik, negua amaitu eta udaberria hasteari loturik.
Inauteriak ospatzen diren herrialdeetako hizkuntza gehienetan izendatzeko gehien erabiltzen den terminoa karnabala da, kristautasuneran inauterien ondorengo Garizuman haragia jateko debeku erlijiosoarekin loturik.
Euskal Herrian, berriz, inauteriak, inauteak, ihoteak eta aratusteak (azken hau, haragia jaten uztearekin loturik) deitzen zaie jai horiei.
Bestelako izen bereziak erabili izan dira, hala nola Lapurdin eta Nafarroan zanpantzarrak (jaietako pertsonaiari erreferentzia eginez) eta Gipuzkoan asteartinak (inauterietako astearteari erreferentzia eginez).
Inauterien jaiak mugikorrak dira egutegian; hau da, urte batetik bestera data zehatza aldatu egiten da, kristau liturgia-egutegiko Garizuma eta Pazkoa kristau ospakizunak erreferentzia harturik.









Otsailaren 7 eta 8an, inauteriak ospatu genituen Urduñako ikastetxean. Gaia, euskal inauterietako pertsonaiak izan zen. 5. eta 6. mailakoak lamiak eta atorrak izan ginen.







2013/01/15

BARNETEGIAK: BERTIZ


Urriaren 9, 10 eta 11n Bertizera (Nafarroa) joan ginen hirugarren, laugarren, bostgarren eta seigarren mailako ikasleak Roberto, Gemma, Joseba, Mariavi eta Marije maisu-andereñoek lagunduta.


Urriak 9, asteartea

Goizeko hamarrak laurden gutxiagotan abiatu ginen Urduñatik eta hamabiak aldera heldu ginen.
Bertan, guk eramandako janaria bazkaldu (aterpetxean beste ikasle batzuk zeuden eta) eta jolastu egin ginen.

Bazkaldu ostean, maletak logeletan utzita, bi taldetan banatu ginen: hirugarren eta laugarren mailakoak alde batetik, eta bostgarren eta seigarren mailakoak, bestetik.
Lehenengo taldea kobetara joan ziren eta gu, KANOETAN ibiltzera Bidasoa ibaian. Beroa zen arren, neoprenoa , eskarpinak,  txalekoa jantzita eta arraunak eskuetan, autobusez eraman gintuzten. Hura beroa pasatu genuena! Lehorrean zeuden txalupetan sartu eta  klase teorikoa jaso genuen (aurrera zelan egin, atzera, nola igo txalupara  irauliz gero...) eta errekara! Komeriak! Leku batzuetan putzuak beste batzuetan ia urik ez, baina primeran pasatu genuen. Zubi baten ondoan jolasak egin egituen,eta ostean, errekan behera Narbarteraino, gure herria.  Oinez itzuli ginen aterpetxeraino. Arropak erantzi, dutxa...
Afaldu aurretik, Narbarteraino itzuli ginen denok bertako kolunpiotan eta frontoian jolasteko. Itzuli eta afaltzera. Afaldu ostean, denbora librea eta, ondoren, lotara.
Eguna primeran pasatu genuen! Hamabi eta erdietan, oraindik,neskak ezin lorik egin! Egun luzea izan zen!

Urriak 10, asteazkena

Goizeko zortzi eta erdietan altxatu, nagiak atera, jantzi  eta bederatzietan gosaria. Ostean, hortzak garbitu eta hamarrak aldera ekintzetara.
Nagusiok aterpetxetik oinez abiatu eta BERTIZ NATUR PARKEA bisitatzera joan ginen. Helburua bertako landaretza eta animaliak ezagutzea zen: hostoak batu, paseoa parketik, pelikula ikusi... Interesgarria. Goiza primeran eman genuen!
Aterpetxera oinez itzuli eta bazkaltzera. Jolas librerako astia izan genuen.
Arratsaldean, autobusez KOBA bat ikustera joan ginen. Hasieran, mendian gora joan ginen eta aldapatsua zenez, kordelak lagunduta errezago heldu ginen kobara. Kobaren sarreran, lurrean jezarrita,  Isidro begiralearen azalpenak entzun genituen: kobak nola sortzen diren, bertan zer egoten den, osaera...Azalpenak eta galderak erantzun ostean,  barrura! Hasieratik makurtuta, kordelak..., baina oso interesgarria. Begiraleek argiztatzen zuten. Barruan zenbait proba egin, isiltasunean ipuin bat entzun eta berriro gora, kanpora irteteko. Mendian behera eta itzulera.
Furgonetaz aterpetxera eraman gintuzten. Askaria, jolastu, dutxak...
Zortzietan afaria. Ostean, denbora librea: jolastu, mahai jolasak...
Azken gaua zenez, hamarretatik hamaiketara diskoteka!
Hamabiak aldera lotara! Batzuk ezin, neskak batez ere.


Urriak 11, osteguna       

Goizeko zortzietan jaiki, jantzi, maletak prestatu eta bederatziak aldera gosaltzera.
Hamarrak aldera azken ekintza burutzera abiatu ginen! BERTIZ PARKEA. Aterpetxetik oinez hogei minutura gutxi gorabehera, parkera heldu ginen. Bertan, arnesa jantzi eta azalpenak. Zailtasun desberdinetako bideak zeuden: zubiak, tirolina... Zoragarri, primeran pasatu genuen! Batzuk oso ausartak!

Bukaeran, argazkia eta oinez aterpetxera, bazkaltzera.
Bazkaldu ostean, maletak hartu,  autobusa zain genuen, eta Urduñara.

Oso egun ahaztezinak!